Testuingurua
Hau dio Jainko Jaunak: zure etxetik beretik jalgiaraziko dut zori gaitza.
Dabid: Bekatu egin dut Jaunaren kontra.
Natan: Bere aldetik barkatzen dautzu Jaunak zure hobena: ez zare hilen.
Bainan laido egin baitiozau hortan Jaunari, sortu zaitzun haurra hilen da hilen.
(Horri erran-eta, brau! ateratzen da Natan).
(Belauniko erortzen da Dabid, buruz lurrera dago, Urrikal zaite salmoa, aho hetsirik, kantariek emaiten dutelarik.)
(Gorteko gizonak Dabid-i hurbiltzen zaiote eta nahi dute xuti-arazi).
Dabid: (beti belauniko eta besoak zeru alde, kantatzen du, kantariak lagun):
Urrikal zaite nitaz, Jauna:
hoin duzu-eta neurrigabeko bihotz ona.
Kantariek:
Urrikal zaite nitaz, Jauna:
hoin duzu-eta neurrigabeko bihotz ona.
Ken bekatua, ken laidoa,
hoin duzu nasai urrikalpenen itsasoa.
Mutil bat: (recto tono) Errege jauna, Salome-ren haurra gaizki da.
Gorteko batek: Ez du balio zu ere gaizkitzea; xuti, jauna.
Kantariek:
Nere hobena ken errotik,
garbi nezazu garbi osoki bekatutik.
Nere gaizkien berri dakit,
hobenak oro beti begitan badagozkit.
Bertze mutila: Errege jauna, haurra hiltzen ari da.
Gorteko gizona: Ez du balio zu ere hiltzea; goazen bazkaltzerat.
Kantariek:
Zuri dut Zuri egin kalte,
gaizki zaitzuna zure begitan dut nik bete.
Hargatik zare beti zuzen,
ni nauzularik garrazki ere gaztigatzen.
(kantua, aho hetsirik, dute kantariek luzatzen).
Bi mutilak: (gorteko jauneri beharrirat mintzo).
Dabid-ek: (gorteko gizoneri).
Haurra hila ote da?
Denek: Bai.
Dabid: (xutitzen da orduan eta mutileri dio): Ekar garbitzekoak, ekar jaunztekoak; eta goazen bazkaltzerat.